XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Zu, zure mundua, zure isiluneak.

Oraindik ez du bidaiarik egin bere kasa W.n zaudetenetik.

Oraindik ez zara inoiz gelditu Andrés gabe, Luisekin, egun batzuetan, biak bakarrik etxean.

Gertatuko da. Hori ere gertatuko da.

Gertatzen denean gertatuko da.

Zutitu egin zara, leihotik aldentzen hasi zara eta gelatik ateratzera zoazela iruditu zaio Andrési.

Pauso sendoak, erabaki garbi bat hartu duenaren ibilera.

Andrésen aurretik pasatzerakoan ez diozu begiratu ere egin.

Berak, badaezpadan ere, prestatua zuen esaldi bat, esaldi tonto bat, egia esan.

Zer, inspirazio bila? edo antzeko txorakeriaren bat.

Beti hobe, zurekin, zerbait esatea isilik geratzea baino. Zurekin, azken aldiko Teresarekin.

Triste jartzen baitzara begirada isilekin, triste jartzen baitzara begiratu eta ezer esaten ez zaizunean.

Andrés automatikoki erantzuten ohitu da.

Trebatu egin du bere burua azken bolada honetan.

Edozer gauza zure tristura luze, sakon, ulertezinaren aurrean larrubizirik ez geratzeagatik.